XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Oroz gainetik gaurregun kristau mezuaren alderdi indibiduala eta pribatua gaindituz, mezu horren alderdi publikoari eta politikoari lotu nahi gatzaizkio, ez ordea fedea eta politika nahasi beharrez, aingerukeria eta inperialismo ezpirituala aita de Lubac-ek inperialismoetarik gaiztoena deitzen zuena behingotz ohildu nahiz baizik.

Eta horren egiteko, Jacques Maritain zenarenganik ikasi baikenuen behar zela Distinguer pour unir, hots, behar zirela gauzak bateratu aitzin, behin ongi bereizi iduritzen zait guhaurk kristau fedean iraun nahi dugunok eta gure ondokoei fedearen argi izpia helarazi nahi diegun herritarrok behar genukeela sustraietara itzuli eta gure sinesmenaren barne historiari hurbilagotik behatu; ez batere gaurkoari itzuri beharrez; gaurkoa eta biharkoa hobeki argitu nahiz baizik.

Oroit gaitezen de Lubac, Congar, Journet, Chenu eta horrelako historialarien lanen ondotik, Erromatar Elizaren Vatikanoko azken Biltzarrak bide hori hartu zuela eta beraz orai herri bakoitzari dagokiola hortik aitzina joatea.

Aspaldi du alabaina Henri Brémond-ek II tomotan argitaratu zuela Histoire littéraire du sentiment religieux en France lan itzel eta amaitu gabea.

Ez dugu euskaldunek oraino horrelako lanik osatu; gure Axular, Etxeberri, Gazteluzar, Tartas, Lopez eta beste erlijio idazleak sar genitzake, jakina, gure erlijioaren historia horretan, baina beste anitz gertakari eta lekuko edo jakile bai, batzu biziki aspaldikoak, besteak guhaurk ezagutu ditugunak.

Dena dela, gai beraren inguruan aspaldi lehen erabili hameka solas gogoratuz, iduritzen zait Ene Sinestea eskaini zigun Etienne Sallaberry-ri, GAZTE aldizkarian luma zorroztu zuten Hiriart-Urruty anaieri, Manex Erdozaintziri eta Klaudio Harluxeti banituzkeela gaurregun Julen Urkiza Karmeldarrak ontzen ari dizkigun bi lan garrantzitsu aipatzeko:

Lehenbizikorik Julen Urkizak prestatzen digu taldelan bat ederra, Santa Teresa Lisieux-koaren obra osoa euskaraz emana. Ene ustez hor agertuko zaigun fedezko ikuspegia zinez berria da: